XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mundu ezberdin bat eta egiazko aipamenak

ELIZAK daukan beldurrik okerrena egiari dioena da, zernahiren egiari bait zaio beldur (Leonard Boff, Askapenerako Teologiaren ideologoa).

Bitxia bada ere, Eusko Jaurlaritzak 1984.enean argitaratutako liburu bat mesedegarri suertatu zait gutxitu fisikoei buruz idazteko orduan eta, era berean, hauetan pentsatzen jarrita bi gai datorzkit burura, hasera batetan nire eta beste jende askoren haritik at daudela badirudi ere.

Baina epe laburrean burmuinak irakiten jarri ondoren, eritziz aldatzen dut erabat.

Eusko Jaurlaritzak 1984ean argitaratutako liburu horren titulua Hirigitz eta Arkitektoniko barrerak kentzeko Araudia da, Itxaropena SAk argitaratu zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren Argitarapen Zerbitzu Zentralak ekoiztu.

Gorago aipatu ditudan gai harrigarri horiek, berriz, Frantziako Tourra eta Gernika Batzordeak antolatutako Askatasuna eta Bakea bizikleta ibilaldia dira.

Tourra, ofizialki, uztailaren 4ean hasi zen, gutxitu fisikoak egunero Donostian topatzen dituzten eragozpenei beste zailtasun berri bezain haserregarri batzuk erantsiz.

Era berean, dela gutxi eroritako eurijasek kaltetutako 105 hiritar Donostiako Ibiltarien Etxean bizi beharrean aurkitu ziren, Tourraren hasera zela eta hiriko hotel guztiak jendez gainezka zeudelako.

Kalapié deitu Ziklista Hiritarren Elkarteak dioenez Donostia hiriburuko Tourraren irteera antolatzen dutenek baina, ehundaka milioi pezetetan neurtzen den aurrekontua daukate.

Zortzi zero atzetik dituen zenbaki bat.

Ekainaren 28an hasi zen Askatasuna eta Bakea ibilaldiak ez digu inongo eragozpenik sortu gutxitu fisikoei.

Alderantziz.

Eta bat gatoz Gai-Lesbiana Koordinakundearen bozeramaile den Jose Maria Muelak dioenarekin homoseksual, bakezale, feminista, ekologista, gutxitu fisiko etabarrak batu eta, kontsumo gaiztoko gizarte zokoratzaile honi aurre egiteko proposamen alternatibo batzuk landu behar ditugu, Kant filosofoak aldarrikatutako erara gizakia bere hortan helburutzat hartu beharrean, dirua zein multinazionalen interesen esklabu bilakatzen duelako.

Gutxitu fisikoak erabat ados egon gaitezke Jorge Cortés Izal nazionalista historikoaren eritziekin: Egiazko bakea nahi dugu, herri honek jasaten eta egiten duen bortxakeri oro amaitzea, eta hori erradikatzeko garantia bakarra dago: zioa konpontzea.

Dela 8 urte Eusko Jaurlaritzak aldarrikatutako Araudira itzuliz, Xabier Onaindia sendagilearen bizikletara igo eta, bere sorbalda eta ahotsa eustarri gisa hartuz, solidarioki diot: Guk ez dugu harremanik inongo organizazioarekin.

Erakunde ez Gobernutarra da geurea, eta horrek, beste gauza batzuren artean, mozkin ekonomiko eza suposatzen du...

Jakin badakigu komunikabideen ezinikusiarekin topatuko garela, baina baditugu abantailak ere: inor ez da etorriko zer egin behar dugun esanaz, inork ez digu idatziko gidoia.

Goitik behera baiesten ditudan hitz horien bitartez, zera esan nahi nioke Odon Elorza alkateari, Donostiak Urrezko Erratza jaso duela eta hain pozik dabilen alkate horri.

Los Sirex taldearen Si yo tuviera una escoba kanta gogoratzeko.

Aipatu kantan jende zein gauza asko eskobatzeaz mintzatzen zen.

Eta jendeari dagokionean itsusi guztiak eskobatzeaz.

Lasai, lasai Donostiako alkate, errenak luzarora arina harrapatuko bait du eta eskilara goitik hasita eskobatu behar bait da (Errumaniar esarera zaharra).

Uztailaren 3an eta arratsaldeko 6,30etan ospatutako manifestazioarekin, Hau ez da Espainia ez Frantzia lemapean Udaletxe paretik atera zen manifestazio harekin, ados egon gaitezke gutxitu fisikoak.

Baina, beti dago bainaren bat, Estatuko instituzioen jitea ikusiz, eta gizartea osatzen duten pertsona normalen abegikortasuna kontutan edukiz, gutxitu fisikoek erabat ezberdina den herrialde, hiri, unibertso bat osatu dugu, beste bizitza bat agian?

Dominusvil deitzen da.

Esanahi erraza du: jaunarekiko zital, gizartearekiko ezgauza.

Izan ere sozial eta gizarte adjetiboek hitzen esanahia ezereztatzeko gaitasun bitxia daukate, hala nola langile soziala, Zientzia sozialak, Gizarte Justizia edo Gizarte Ongizatea hitzetan.

Gure gizarteak jada ez du gurtzen urrezko zekorra, zekorraren urrea baizik dio Antonio Galak.

Sekula ohartu al zara oiloa arraultzeak beste arraultzea egiteko erabiltzen duen bitarteko bat besterik ez dela?

Ez al da bitxia?

Bada igeletaz trufatu eta ekonomilariak serio hartzen duenik...

Inoiz sufritu ez duenak, zer jakin dezake bada?

Ez pentsa etsitu bat naizenik.

Antonio Mingotek dioen bezala pesimista, ondo informatuta dagoen optismista bait da.

KOLDO SAN JULIAN

KAZETARIA